
Suak hartu ditu, beste behin, Iberiar Penintsulako eta Europako basoak. Milaka suhiltzaile, basozain eta teknikari aritu dira asteotan suteak itzaltzeko eginkizunean; basoak eta herriak babestea helburu. Gertaera gordin hauek udara giroa belztu dute berriz ere.
Ez gaude salbu
Babesa besterik ezin diegu eskaini zortea alde izan dugun Euskal Herritarrok. Inguruko lurretan eman diren suteekin alderatuz, arinak izan baitira azken urteotan gurean izan ditugun sute gehienak.
Hala ere, ez dezagun pentsa sua besteen kontua denik, zoria izan baita, eta ez basoen edo lurraldearen egitura, alde izan duguna. Izan ere, gure paisaia inoiz baino sukoiagoa da orain, eta arriskua sekula baino handiagoa da.
Inoizko sasi azalera handiena dugu
Euskal Herriak inoiz ezagutu duen sasi kopuru handiena du orain, eta hori ez da, inolaz ere, albiste on bat. Egia da sasiak baduela eginkizun bat, badituela onurak eta baduela balio bat. Arazoa, beraz, ez da sasia bera, desoreka baizik.
Sasiak aztoratu edo eraldatu berri diren lurretan hartzen du tokia, eta basoa sortzeko lehen urratsa ematen du. Gerora, urte gutxiren buruan basoak itzala sortzen duenean, sasitza ito egiten da. Ekosistema orekatuetan beraz, sasitzak azalera txikia hartzen du eta, era jarraian ordez, han-hemenka agertu ohi da.
Basogintza eredu intentsiboak, aldiz, etengabe berrabiarazten du ekosistema, arraseko mozketa bakoitzean. Horrekin lurra galdu eta kaltetu egiten da, ura finkatzeko gaitasuna galtzen du eta ezinbesteko diren mikroorganismoak hiltzen dira. Baldintza elkor horietan otea eta sasia dira errege.
Gerora landatzen diren zuhaitzak ahul hazten dira, gaixotasun, izurrite, lehorte eta bestelako mehatxuei aurre egiteko baliabiderik gabe. Espezie exotikoz eratutako monolaborantzak, gainera, zaurgarriagoak dira gaixotasun eta izurriteen aurrean; adierazle dira azken urteetan hosto-gabetu diren milaka pinu, altzifre eta izeiak. Kasu horietan, argi gehiegi sartzen da udaberrian oihanpera eta, ostera ere, sasiak eta oteak indartzen dira.
Honek guztiak Euskal Herriak inoiz ezagutu duen sasi kopuru handiena sortu du; desoreka ikaragarria alegia, eta, ezinbestean, sute arriskuaren gorakada izugarria.
Aipatu behar da, hala ere, basogintza eredua ez dela sasitzaren areagotzea eragin duen aldagai bakarra, nekazaritza eta abeltzantza estentsiboaren gainbeherak ere eragin handia izan baitu. Beraz, bide jasangarri bi ditugu sasitzari eusteko: abeltzantza estentsiboa indartzea eta baso egonkorrak eta suarekiko iraunkorragoak sortzea.
Bizkaia eta Gipuzkoa larri
Euskal Herria anitza da, eta egoera era bat ezberdina da, esaterako, Garazin eta Elorrion edo Arantzan eta Larragan. Nazio mailan Gipuzkoa eta, batez ere, Bizkaia, dira sute handiak sortzeko baldintza aproposenak biltzen dituzten lurraldeak. Baso oso degradatuak daude bertan, desoreka izugarri handia da eta, hori gutxi balitz, espezie sukoiak dira nagusi, eukalituak eta koniferoak batez ere. Egoera oso larria da.
Lurralde hauetan aro berri bat abiatu berri du paisaiak, basogintza eredu intentsiboaren porrotak eta landa gunearen hustutzeak hastapenetara eraman duelako guztia. Hamarkada zaurgarriak ditugu aurretik, sute arrisku handikoak, eta erabaki onak hartuta ere basoak urteak beharko ditu sasiak ito eta egitura egoki bat sortzeko. Lagun gaitzala zorteak luzaroan!
Baso iraunkorragoak
Garai hauetan guztia belztu ohi zaigun arren, bada argi izpirik iluntasunean; Estaldura Jarraituko basoen aldeko aldarria geroz eta ozenagoa da zientzialarien, teknikarien zein herritarren artean, eta esperientziak zein zientziak erakutsi digu irtenbide aproposa dela egungo erronkei aurre egiteko.
Esan bezala, oreka berreskuratzea da gakoa, baso-ekosistemak indartu daitezen eta eskala handiko galerak ekidin ditzagun. Finean, arraseko mozketak ekidinez eta bertako espezieen alde eginez, horren sukoiak ez diren basoak sortu ahal izango ditugu. Izan ere, Estaldura Jarraituko basoetan, besteak beste:
· Sasitza oso tarteka agertu ohi da, basoaren itzalak ito egiten duelako.
· Hezetasun handiagoa pilatzen da, ur gutxiago galtzen delako.
· Lurraren emankortasuna asko hobetzen da, eta horrekin zuhaitzen osasuna.
· Bero handiko egunetan asko jaisten da lurrazaleko tenperatura.
· Basoaren mikrobiota zaintzen eta hobetzen da, zuhaiztiaren osasuna indartuz.
Guzti honetaz gain, aipatutako espezie exotikoak bertako espezie gehienak baino suharberagoak dira, eta horrek ere eragin handia du.
Eraldaketarako garaia da
Egunotan etengabe irakurri dugu suteen kontrako borrokak ezinbesteko duela kudeaketa, eta era bat ados gatoz baieztapen horrekin. Hala ere, azpimarratu nahi dugu kudeaketa ereduan dagoela gakoa eta molde okerrek areagotu egin dezaketela sute-arriskua. Beraz, kudeaketa baino kudeaketa egokia da baso-ekosistemek behar dutena.
Zortea ez dugu beti alde izango. Beraz, baliatu dezagun aukera hau baso-ekosistemak hobetzeko eta suari ateak indarrez ixteko.