MARKA GUZTIAK HAUTSIZ!
Amaitzear da 2025-2026 landaketa sasoia eta, udaberria tiraka dugula, azken lanak errematatzen gabiltza. Inoiz baino gehiago landatu dugu aurten: 65.000 zuhaitz! Haritz kandudunak, haritz kandugabeak, astigar arruntak, astigar zuriak, basagurbeak, otsalizarrak, urkiak, gereziondoak, pagoak eta haginak landatu ditugu ehun hektareatan. Aurreko neguetako marka guztiak hautsi ditugu aurten!
Bi lagun aritu gara lanok koordinatzen, eta 15 basoko lanak egiten. Lurrak eskuz eta mimoz prestatu ditugu, mozketa hondarrak pilatuz eta sasiak moztuz. Landaketak egiteko baztertu egin ditugu izotz orduak zein hego-haize gogorreko egunak, eta eginahalak egin ditugu aroan landatzeko.
Landatu ditugun zuhaitzek garai berri bati emango diote hasiera, arraseko mozketarik egin gabe eta biodibertsitatea zorrotz zainduz kudeatuko diren basoen aro berriari hain zuzen.
Landatutako zuhaitzak babes izango dira berez etorriko direnentzako eta pixkanaka egitura anitzeko basoak sortuko dira, zura eta egurra ekoizteko aukera eskaintzeaz gain, gainontzeko ekosistema zerbitzu guztiak ere bermatuko dituztenak.
Basogintzaren krisialdi betean, gure jarrera argia da: eredu aldaketa bat nahi dugu, bertako ekosistemak berreskuratuko dituena eta egiazko ekoizpen eredu jasangarriak bultzatuko dituena. Ez dugu, beraz, insignis pinuaren ordezkorik nahi, eredu intentsiboa ordezkatuko duen egiazko eredu jasangarri bat baizik.
Eutsi lurrari!